Busturiko herrian, auzo guztietan, betidanik egon ohi da dantzarako ohitura bertako jai egunetan, eguerdian meza ostean zein arratsaldean. Jaietan aurreskulariak ateratzen ziren eta aldi berean sokadantza eta erregelak dantzatzen zituzten, bakoitzak bere era berezian. Baita, jota eta arin arinak ere egiten zituzten. Txistulariak ere izan dira Busturian: Borda, “itsue”, txistulari eskolatua zen; eta Busturiko goierrian ere izan zen XX mendeko lehen erdian, Altamirara joaten zena. Aurreskularien artean Altamiran, Paulino “errotako”, Gregorio Hormaetxea, Mendoza maisuaren semea, Axpen, Felix Bollikoa, izatez Etxebarrikoa zena, aipatu behar ditugu. Usparitxa medikuak ere jaietan sarritan egiten zuen aurreskua. Beraz dantza eta musika zaletasunak XX mendean barrena ohikoak ziren.

Dantzarako gogoak bazeuden eta Busturialdean ere sortu ziren dantza taldeak. 1927an Gernikan sortu zen Elai Alai Dantza Taldea eta 1937ra arte, ospe handia lortu zuen. Dantzari batzuek erbestean jarraitu zuten eta beste batzuek Gernikaldean. 1965ean Gernikan berriz eratu zen Elai Alai. 1969an Forun sortu zen Urdaibai Dantza Taldea, Javier Irazabal sortzailearekin bereziki. 1976. Urtean Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldea sortu zen. Busturiko Irrintzi Alaik hauekin, eta Busturialdeko gainontzeko Dantza Taldeekin daukan harreman ona nabarmendu nahiko genuke. Bai aurretik eta bai gaur egun, dantzak partekatzeko, bileretara joateko, dantzari egunetan parte hartzeko, etab bezalako eginkizunetan, Busturialdeko Taldeek daukaten hartun emana urteekin eta partaideen borondate onarekin lortzen den euskarri zendoa da.